XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. TESTUA

Telebistako umore-saio bati dagokio ondoko testua.

Roberto Bravo izena emango diogun politiko bat zain-zain dago, gobernu berria osatu behar duen Lehendakariak karteraren bat eskaintzeko deituko ote dion.

Guztiz urduri dago, harro eta berekoi, ondoan duen emazteaz batere arduratu gabe...

TELEFONO-DEIAREN ZAIN

Egongelan nago eserita, telefonoa eskuan, guztiz urduri.

Ministro-gai guztiak horrelaxe egongo dira, seguru, ni bezalaxe bere barruan ezin kabituz.

Atzo izendatu zuten Lehendakaria eta gaur bertan hasiko da hura gobernua osatzen.

Hauxe da, beraz, momentua...

Ministro izateko batere itxaropenik dugun guztiok haren deiaren zain gaude.

Ez gara egun osoan telefono-ondotik mugituko, badaezpada ere...

Ana horrek, berriz, ez du ezer ulertzen.

Goiz osoa darama telefonoan, lagunekin hizketan.

Amaitzeko esaten ari natzaio etengabe, baina bai zera!, hortxe ari da hitz egin eta hitz egin gelditu gabe.

Lehendakariak orain deituko balu, akabo.

Alferrik da...

Bueno, bueno, utzi du noizbait telefonoa eta kafea ekarri dit.

Eskerrak!

Baina zer uste duzue esan didala?

Enkargutara doala eta ea lagunduko diodan.

Deiaren zain nagoela esan behar izan diot hamargarren aldiz.

-Deia? Noren deia? galdetu dit, harritu-aurpegia jarriz.

Ana hau beste mundu batean bizi da, benetan.

Halako batean telefonoak jo du.

Hau sustoa!Eskerrak telefonoa eskuetan nuen.

Berehala erantzun dut.

Bai, esan!.

Koldo zen, nire idazkaria.

Hona datorrela esan dit, zurrumurruek diotenez aukera handiak omen ditut eta nire ondoan egon nahi omen du Lehendakariak deitzen didanean.

Ez litzatekeela zuzena izango ni Gobernutik kanpoan uztea...

Anari esan diot Koldo iristear dagoela eta berri onak dakartzala.

Ez zaio batere gustatu.

Zertara dator hori gure etxera?, esan dit haserre.

Hau emakumea! Ez da ezertaz jabetzen.

Ez da, ez, erraza politiko baten ezkon-laguna izatea, egia da, baina ohitzen joan beharko du.

Ministro egiten banaute, jende asko inguratuko zaigu eta denak irribarrez hartu beharko ditugu.

Ikasi beharko du, baina ez dakit, ez dakit...

Halako batean, txuri-txuri jarri da Ana.

Bularrean joka hasi zait, garrasika:

Ez, Roberto, ez dut nahi.

Jendea hemen bueltaka hasten bada, erotu egingo naiz.

Erotu, aditzen duzu? Erotu!.

Hitzik gabe geratu naiz.

Konturatzen ote da, gero zer esaten ari den!

Hori behar genuen orain.

Ez lukete barre gutxi egingo nire aurkariek egunkariak zabaltzerakoan: Ministro-gaiaren emaztea eroetxean.

-Lasai, emakumea esan diot suabe-suabe, berehala ohituko zara.

-Lasaitu? Ez, ez dut lasaitu nahi erantzun du zakar.

Politikoen artean ezin da lasai bizi, erne egon behar da beti...